2011-10-30

BERRIA

Tapoi solidarioen uholdea
Garikoitz eta Mikel batutako tapoi batzurekin
Lerro hauek idatzi orduko, lau tona plastikozko tapoi bilduta zeuzkan Garmitxa elkarteak. Baina kopuru hori etengabe doa hazten. Garikoitz eta Mikelen alde sortu den elkartasun sare ikaragarria estatu osora zabaldu delako.

Kontxik (Larrabetzu) eta Anak (Ortuella) Garmitxa elkartea sortu zuten orain hilabete gutxi. Semeen gaixotasunak estu lotu ditu emakume adoretsu bi horiek. Izan ere, Garikoitzek eta Mikelek ezin dute elikagairik hartu, eragin suntsigarria dutelako euren organismoarentzat. Umeek aminoazido-formula bat hartzen dute elikagaitzat. Gaixotasun arraroa da, oso kasu bakanak antzeman dira Estatuan eta atzerrian, eta medikuek ezer gutxi dakite hari buruz. Garikoitz eta Mikelen ametsa da inoiz jan ahal izatea beste edozein umek bezala, beste edozein pertsonak bezala, baina horretarako ezinbestekoa da ikerketa. Garmitxa elkarteak indarrak eta itxaropena zuzendu ditu ikerketara. Hala, beste ekimen batzuen artean, plastikozko tapoiak biltzeko kanpaina jarri dute abian. Tapoiak birziklatze-enpresa batera bidaltzen dituzte, eta enpresa horrek 300 euro ematen dizkie tona bakoitzeko. Biltzen den diru guztia ikerketan inbertituko da. Gure artean tapoiak biltzeko hainbat gune jarri dira, baina Garikoitz eta Mikelen historiak gainditu ditu Euskal Herriko mugak, eta Estatu osoko lagunak dabiltza umetxoei eta euren familiei laguntza emateko ahaleginetan.

Boom itzela
Elkartearen facebooka bisitatzea aski da konturatzeko nolako mugimendua sortu den sarean. Handik eta hemendik bidalitako elkartasun adierazpenak, laguntza eskaintzen duten lagunen mezuak... Eta tapoiz betetako zakuak, bazter guztietatik etorriak. Elkartea sortu zenean, ez zuten batere susmorik euren kausa hain handi bihurtuko zela. “Ikaragarria da nolako konpromisoa hartu duen jendeak gure semeen alde. Jendea Eibartik, Zumaiatik... etortzen da tapoiak ekartzera”, aipatu digu Kontxik. “Are gehiago, Estatu mailako telebista-kateetan irten ginenetik, boom itzela sortu da. Hainbat lekutan ipini dituzte tapoiak biltzeko guneak: Bartzelonan, Valentzian, Plasencian... Bestetik, elkarteak elkartasun eskumuturrekoak jarri ditu salgai, eta Malagan badago neska bat eskumuturrok egiten ikasi eta haiek saltzen ibiltzen dena... Hau guztia harrigarria da, benetan!”. Laguntza-jarioa etengabekoa da eta zenbait enpresek ere egin dute bat elkartearekin. “Kamisetak atera ditugu, eta enpresa batek kamiseta guztiak eman dizkigu doan. Beste batek musu truk eman dizkigu autoetan jartzeko pegatinak... Beste batek lekua utzi digu tapoiak bertan biltzeko... Poz-pozik gaude”.
Plastikozko tapoiak, eskumuturrak, kamisetak, pegatinak eta Gabonetako loteria esku artean dituztela, Garmitxa elkarteak medikuekin jarraitzen du harremanetan. Nahitaez. Semeen gaixotasunaren bilakaerari arretaz jarraitzen, eta pixkanaka-pixkanaka zabaltzen diren aukera berriak aztertzen. Borrokan, Garikoitz eta Mikelen antzeko sintomak dituzten umeen familiekin egin dute topo. Guztien ahaleginari esker itxaropen-sare erraldoia eratu da.


Gure geletan biltzen ari garen tapoiak elkarte honetarako izango dira. ANIMO LAGUNDU BEHAR DIEGU ETA.

No hay comentarios:

Publicar un comentario